top of page
Buscar
Foto del escritorGIPUZKOAKO KRISTAUAK

TOPAKETA: “GUZTION ARTEKO ELIZA GUZTIONTZAT” GIPUZKOAKO KRISTAUAK TALDEAK ANTOLATUTA

Gipuzkoako Kristauak taldeak Frantzisko aita santuak Eliza sinodal bat eraikitzeko egindako deialdiari erantzun nahi dio gure kristau elkarteetatik, urrian hasi eta bi urte barru amaituko den bidea eginez.

Frantzisko aita santuarekin bat

Frantzisko aita santuak, Vatikanoko II. Kontzilioaren arabera, Sinodoko “funtsezko hiru hitz” azpimarratuz, “komunioa, parte-hartzea eta misioa”, Jainkoaren Herria osatzen dugunoi, hau da, gizon-emakume laiko, erlijiosa eta erlijioso, eta apaizei, elkarrekin bidea egiteak esan nahi duenaz kontzientzia handiagoa hartzera dei egiten digu, “ez beste eliza bat egiteko, bestelako eliza bat egiteko baizik”. Bergoglio aita santuak azpimarratzen du beharrezkoak direla “Jainkoaren Herrian, batez ere apaizen eta laikoen artean, elkarrizketa eta elkarrekintza bultzatzen duten tresnak eta egiturak”, eta “horrek eskatzen duela, besteak beste, Elizaren, apaiz ministerioaren, laikoen, eliz erantzukizunen eta gobernu eginkizunen zenbait ikuspegi bertikalista, desitxuratu eta partzial eraldatzea.”.

Era berean, aita santuakimmobilismoaren tentaldia”-z ohartarazten du. “Hobe da ez aldatzea, «beti horrela egin baita»”, eta beti horrela egite hori “pozoitzat jotzen du Elizaren bizitzan”. “Arriskua da, azkenean, arazo berrietarako konponbide zaharrak hartzea”. Hortaz, “garrantzitsua da tokiko elizak sinodo-bidean sartzea –prozesu sinodala hainbat fasetan gauzatuz eta behetik abiatuz–, lan sutsuaz eta gorpuztuaz, misioaren zigilua daraman komunio- eta partaidetza-kutsua ezar dezan”, Frantziskok dioenez.

Ez gara hutsetik abiatzen Aita santuak Eliza sinodal baten alde egindako deiari, gure Elizbarrutiak iraganean bideari ekiteko izan zuen espiritu bera antzematen diogu: 80ko hamarkadan jada, “Elkarte-kutsu handiagoa eta ebanjelizatzaileagoa duen eliza” goiburua hartu zuen gure Elizbarrutiak eta, arrasto berean, 1999an “Eliza ebanjelioaren zerbitzura” agiria onartu zen, laikoaren, ordena erlijiosoen eta apaizen partaidetzarekin, non zenbait giltzarri jasotzen diren eliza eraikitzeko: senide-elkartasuna indartzea; Jainkoaren Herriak, eliz bizitzaren sujetua delako, ebanjelizatzean esku hartzea laikoen erantzukizun handiagoaz eta indarrak bateratuz; jendearen bizitzatik hurbilago dagoen eliza izatea, batez ere pobreengandik; eta horretan guztian Espirituari arretaz entzutea.

TOPAKETA ABENDUAREN 11N DONOSTIAN

Fedea elkarrekin ospatzeaz gain, elkarrekin pentsatu behar dugu, elkarrekin erabaki eta guztion artean egin Eliza sinodal bat errealitate bihurtzeko. Gipuzkoako Kristauak taldeak prozesu honetan parte hartu nahi du "Guztion arteko eliza bat guztiontzat" goiburuarekin. Horretarako, topaketa bat antolatu dugu Jesus Martinez Gordo Bilboko Elizbarrutiko teologoarekin, bide honetan sakontzen lagunduko diguna, elkarri entzunez eta elkarrizketan. Topaketa abenduaren 11n izango da, larunbata, 10:30etik 13:00ra, Jaungoikoa Gure Aita parrokian, Donostiako Antigua Berri auzoan.

2021-12-03

396 visualizaciones0 comentarios

Entradas recientes

Ver todo

Comments


Publicar: Blog2_Post
bottom of page